Lepineux putzua |
Espeleo egiten dugunok
usu liluratzen gara lurpeko altxorrekin. Mota guzietako formazioak, lur-azpiko
erreka saltokariak, izan zireneko animalien arrastoak (Ursus, beti izanen zara
gure izarra!), bertzelako animali ttipi eta gardenak… Gustuetarako koloreak omen
daude, eta hamaika izan daitezke lur-azpiak espeleologoengan sortzen duen
erakarpen indarraren iturburuak. Nolanahi ere, gorputza maiz inarrosten digun
sentsazio berezietako bat esploratu gabeko leku batean egotearena da. Eta,
lurpea esploratzeaz ari bagara, ezin aipatu gabe utzi San Martingo Harriko
sistema.
San Martingo osina Lepineux
Leizea bezala da ezaguna ere, izan ere, Georges Lepineuxek aurkitu zuen 1950.
urtean. Urte bat geroago 320 metroko bertikala (garaian munduko handiena) jaitsi
zuten Georges Lepineuxek, Marcel Loubensek eta Haroun Tazieffek, Max Cosynsek
gidatutako espedizioan.
Lepineux putzuaren jaitsiera |
1952an bertze espedizio
bati ekin zioten esplorazioarekin jarraitzeko. Bertikaletarako erabiltzen zuten
zirga baina, hautsi egin zen eta Marcel Loubensek hamabortz metroko erorketa
izan zuen igotzeko unean, lurraren errainetan hilez. Bi urte igaro behar izan
ziren Loubensen gorpua lurraren azalera atera arte.
Haroun Tazieff
zorigaiztoko gertakari haien lekukoa izan zen eta, istripuan gertatutakoa zein
leizearen esplorazioaren gorabeherak, “San Martingo Harriaren Osina” izeneko
liburuan agertu zituen. Liburuaren jatorrizko argitalpena 1952an bertan egin
zen eta gaur egun ARSIPeko web orrialdean deskarga daiteke debalde.
Tazieffek, lanbidez
bulkanologoa, gorputza uzkurtzeko moduan kontatu zituen esplorazio haren
bizipenak eta gorabeherak. Lurpeko esplorazioak, errate baterako, herrialde
urruneko esplorazioekin parekatu zituen:
“Zoriontsu ginen,
egiazki. Leku birjinak deskubritzean sortzen den zoriontasuna zen, azaltzen
zaila bizitu ez duenarentzat… Kongon sumendi berri baten labak eta errautsak
lehenbiziko aldiz zapaldu nitueneko
sentsazio miragarriez oroitzen naiz (egiten zuen lehen gizakia nintzen).
Banekien han ez zela inor ibilia, krater hartara ez zela inor ausartu. Ziurtasun
hark leku maltzur haietan bete ninduen zoriontasunari intentsitate osoa ematen
zion.
Hemen, berdin,
bagenekien lehenbizikoak ginela: ez Paleolitoko gizakiak ez eta espeleologo
modernoak ez ziren leku hartaraino sartu. Bobeda haiek kontenplatzen zituzten
lehen gizakiak ginen, eta hura bera zen liluragarria… Handikeria zen? Akaso,
espero ezetz baina! Ezagutzea eta ulertzea bilatzen duen gizakiaren naturaren
parte zen hura.”
Lur-azpian sortzen
diren emozioen intentsitatea erabatekoa izaten da, askotan muturreko egoerek
ematen dutena. Espeleologoei aunitzetan galdetu izan zaigu nola sar gaitezkeen
leku horietatik, edo horietaraino. Tazieffek berak ematen du azalpena
aipatutako liburuan:
“Espeleologiak zaleak
izatearen zergatia ulertu nuen, beraiengan hartzigarririk aktiboenen gisan
gauzatzen dena: ezezagunaren erakarpena.
Magallanesen edota Erik
Gorriaren gizonak ozeanoen handitasunera bultzatu zituen pasio bera, alegia,
Stanley eta Fawcett oihan birjinak eta arrotzak zeharkatzera eraman zituena,
eta gaur egun oraindik Poloko esploratzaileak eta alpinistak bultzatzen
dituena. Lurrazaleko esplorazio handiekin alderatuta, lurpeko leizeenak
abantailak dauzka: irismen maila hain da berria, ezen agerpenen eta
aurkikuntzen aukerak Antartikan, Andeetan edo Himalaian baino ugariagoak
direla. Bertze aldetik, aski da hamarnaka kilometro batzuk kurritzea, edo
ehunka batzuk gehienez, kareharrizko eskualde batean bertatik bertara egoteko:
Vercors, Causses, Jura, Pirinioak, Italiako Karso, edo Yugoslaviako Kars,
etxeko atean daude. Asteburu soil batean, eskualde birjin bateko espedizio
baten zailtasun, agonia eta poztasun guziak esperimentatzen ahal ditu
espeleologoak. Espeleologia, edo igandeko esplorazioa…
Hala ere, ezezagunaren
erakarpena ez da, berez, bere baitan era argi batez ageri, eta bertzelako
arrazoi onargarriagoen atzean ezkutatu da: zio ekonomikoak, helburu
zientifikoak… Pentsatu nahiko nuke alegiazko aberastasunaren xarma izan zela
Cadizeko edo Kartagoko nabigatzaileak itsaso zabalera eraman zituena, Marco
Polo estepara eta Erdialdeko Asiako basamortuetara eraman zuena, aitzindariak
Peruko mendietara edo Kongoko oihanetara eraman zituena. Hura zen arrazoi
aitortua bederen; baina, ez al zen ezezagunaren kontaktuarekin kutsatzeak beren
baitan borborka egiten zuena?
Espeleologiak ere
helburu baliagarriak mahaigaineratzen ditu, baita estrategikoak ere, eta ez da
ezezagunagatik, arriskuagatik eta gainditutako zailtasunengatik duen amodio
hutsa aitortzera ausartzen. Mendizaletasunaren hasieretan bezala, itxura
zientifikoa hartzen du. Eta, hain zuzen, zoragarria da lurpearen sakonean
lurrazalaren formazioaren pistaren bat aurkitzea, gizaki primitiboen eta
desagertutako animalien aztarnak aurkitzea, izpi kosmikoen misterioa bilatzeko
han sartzea, edo harpeetako kulturaren biologian sakontzeko… Baina, nire
ustetan, inor ez da espeleologoa egin arrazoi hauengatik soilik. Bertze
aldetik, espeleologo bat baino gehiago igaro da kiroletik zientziara eta mundu
bitxi horren jakin-mina bere baitan pizten zela sentitu zuen, ekintzen gogo
hutsak lehen aldiz barneratu zuen lekuan.”
Otxolako kideak topografia lanetan |
Zientzia-kirola ala
kirol-zientzia, espeleologia ez da kobazuloetan sartze soil bat. Zuloa aurkitu,
esploratu, topografiatu, geologia aztertu, fauna ikertu… Kirolaz gain, zientzia
ugari praktikatzen da lur-azpian. Hidrologia horietako bat da, urak lurpean
duen jokaera ulertzeko. Lur-azpiko erreken koloreztatzea ohiko praktika izaten
da horrelako ikerketetan eta, Tazieffen hitzetan, “ikuskizun txundigarria” da.
“Argipean ikusita,
fluoreszeina gorria da, gorri bermiloi zoragarria. Disolbatua, esmeralda kolore
liluragarria ematen dio gardenki urari.
Ikuskizun txundigarria:
bi gizon, errekaren gainean hankak irekiekin, bidoi zuriak manipulatzen beren
esku eskarlatekin, errekatik behera kareharrizko blokeen artean ihes egiten
duen eta desagertzen den berde miresgarriaren gainean.
-Kolorezko argazki bat
egiteko tenorea da! -Oihukatu zidan Loubensek.”
Uranina injekzioa Itur-2 leizean |
Bistan denez,
espeleologia praktikatzeko ekipamendua aunitz hobetu da San Martingo Harriaren
sistema esploratu zutenetik. Garai hartako tresneria irudikatzeak esploratzaile
haien balentriaren tamaina areagotzen du. Orduko ala gaurko bitartekoekin,
orduko ala gaurko argiekin, imajinatzen zaila da Verna bezalako areto bat
aurkitzeak sor dezakeen zirrara:
“Bat-batean, apoteosia
izan zen. Ondoan hutserantz amiltzen eta desagertzen zen ur-jauziaren burrunba
gorgarrian, seko gelditu egin ziren gizonak erabateko iluntasunaren ertzean.
Beren argi indartsuak alferrik ari ziren: aurrean, deus ez; ezkerretara, deus
ere ez. Eskuinetara, deus ez; deus ez goitien eta deus ere ez behean.
Haluzinagarria!
Ideia zoro bat otu
zitzaion Jimmy Théodori: mendi guzia gurutzatu dute eta kanpora atera dira gau
betean… Burua goratu zuen eta zerua behatu zuen. Han, baina, izar bakar batek
ez zuen distira egiten…
-Erran, Georges… ze
ordu da?
Arratsaldeko sei eta
erdiak baino ez ziren. Abuztuan, eguzkia goian egoten da oraindik. Gau hura,
lurpeko gaua zen oraindik, koba kolosal berri baten gaua.”
Testua: Ernesto
Argazkiak: Irene eta Jotas
Testu oso ederra, lagunak. Espeleologo guztiok identifikatuta sentitzen gara sentsazio hauekin (nahiz eta gero, kirten hutsak garenez, ez ditugun ahoz gora botatzen ;-) ). Eskerrikasko!
ResponderEliminar