17 ene 2019

C. 50-Verna zeharkaldia, bertako urruneko lurraldeak

Sarrera





Goizeko bortz eta erdiak eman gabe abiatu nintzen Baztandik Santa Grazira buruz. Izpegi eta Oskitzeko lepoak igaro nituen Pertseiden bonbardaketaren azpian.
Abuztuaren hamaikak Zuberoako errepideetan argitu zuen.
Auto konbinazioa egin behar genuen, auto batzuk Contiendan eta bertze batzuk Santa Grazin utzita. Saretik hartutako krokisak, azalpenak eta topografiak errepasatu nituen, eskolako azterketarako ematen den hondar errepaso moduan.
Larratik zetorren errepide zatiei behatzen nien, mendira abiatzen zirenek niri behatzen zidaten. Lurtarrak beraiek, lurrazpitarra ni.
Lagunen furgonetak ikusi nituen azkenean errepidean beheiti, ordu bat beranduago. Aupa Otxola! pentsatu nuen umoretsu.
-Lehenengo taldea lau lagunek osatuko dute eta orain sartuko dira, zortzi eta erdietan. Falta diren putzuak instalatuko dituzte. Gu bortzok bi ordu beranduago sartuko gara. Hasierako putzuak atzo instalatu genituen.
Otxolako kideek alimaleko lana egina zuten aurreko egunean. Goizeko atzerapena aski justifikatua zegoen.
Bi furgoneta Santa Grazi gaineko pista baten bazterrean utzi genituen, ARSIPek emandako baimenak agerian utzita, eta Contiendara abiatu ginen hirugarren furgoneta batean.
-Begira, Lepineux putzua. San Martingo sistemaren lehenengo esplorazioak hortik egin zituzten.
Errepidetik ikusi genuen leizearen sarrera, pareko magaletik. Urte luzeetan munduko kobazulorik handiena kontsideratutakoa xaloki gordetzen zen mendi zoko hartan.
Guk C. 50 izeneko leizetik sartu behar genuen San Martingo sistemara. Helburua, Verna aretoko tuneletik ateratzea.
San Martingo sistemak dituen hamar sarreretatik hiru daude Nafarroan: San Martingo Harriko leizea bera, Llano Carreraseko Leize Handia eta Contiendako C. 50 leizea.

Bidea

Abuztuak egun zoragarria eskaini behar zien lurtarrei. Guretzat ere garrantzitsua zen eguraldi ona, izan ere, Haizearen Tunela sifonatu zitekeen uraren gorakadaren ondorioz.

Terraza

Contiendako eski estaziotik abiatzen zen pistatik hurbildu ginen C. 50 leizea ezkutatzen zuen lapiazeraino. Arlas mendia lekuko, ingurua ezin ederrago zegoen. Lurraren errainen aho hark jan egin nahi gintuen eta gu desiotan geunden.

Sarrera

Lehenengo taldeak instalatu sokak bidea erakutsi zigun, argitik ilunera.
Harriak elkarri botatzeko arrisku handia zegoenez, binazka joateko estrategia hartu genuen.
Sarrerako zuloa berehala estutzen zen, petatearen betiereko borrokari hasiera emanez. Gure arnesetatik zintzilik, harriak amiltzeko arriskua handitzen zuen petateak.
Metro gutxi batzuetara, izotz bloke bat zegoen, pilatzen zen elurretatik elikatzen zena, urte guztian urtzen ez zena.
Lurrean zeuden harriek biltzen zuten gure arreta guztia. Ezinezkoa zirudien harri mukuruetatik pasatzea harririk bota gabe. Bertzeekiko ardura erabatekoa zen. Paretak estutzen ziren puntu batean burdinazko txapa handi bat zegoen, beheiti joaten ziren harriak eusteko. Txapa mugituz gero, ezin neurtuzkoak izanen ziren arranbelaren ondorioak. Gorputza uzkurtu egin zitzaidan pentsatze hutsarekin.
Txaparen azpitik berrogei metroko putzua zegoen eta, ezkerretara zihoan igarobidea jarraituta, goitiko putzuen bertikaletik atera ginen azkenean. Lasaitasun hasperena saihestezina izan zen.


Hogeita hemezortzi metroko putzu estetiko batek lur azpiko ehun metroko kotara eraman gintuen. Hurrengo ehun metroak eroso egin genituen, sei eta hamalau metro arteko putzuak jaitsita.


C. 50eko azken putzuek René-Jean putzua osatzen dute, ehun metro ingurukoa. Hondar jaitsieretan topatu genuen lehen taldea, azkeneko metroak instalatzen.


San Martingo sistema esploratu zutelarik, haraino ailegatu omen ziren 1975ean eta 1984ean, azpitik goiti etorrita San Martingo errekako ibaiadartxo bat jarraiturik. C. 50aren eta San Martingo sistemaren arteko lotura, ordea, ez zen 1987. urtera arte erdietsi, sarreratik hogeita hiru metrora zegoen igarobide estua oztopo gabetu zuten arte.
Lur azpiko hirurehun eta zortzi metroan paratu genituen neoprenoak, Rushbar meandroa baino lehen.
Zinez estua eta zorrotza zen meandroa, denbora guztian zeharka joatera behartuz. Neoprenoa ertz eta kosketan trabatzen zen, aurreratzea oztopatuz. Berehala ohartu ginen neoprenoa paratu izana hanka sartzea zela. Petatearen tamaina ere gakoetako bat bilakatu zen meandro estuan. Eskuinera biraketa egin zuen meandroak eta, norabidea argi egon arren, eraman beharreko altura zen zalantza. Estutasunak ez zuen treguarik ematen eta progresioarekin jarraitzeko lekurik zabalenak aurkitzea lan nekeza suertatu zen.
Meandroak Arroila Handira jaurti gintuen azkenean, Hesi Handiaren gibelera.
C. 50 leizea gibelean utzita, San Martingo errekak zizelkatu Arroila Handian geunden, hirurehun eta hogeita hamalau metro lur azpian. Lur azpian aurkitutako lehen erreka da San Martingoa, aurreko mendeko 50. hamarkadan deskubritutakoa. Urez ongi zihoala iritzi genion eta horrek apur bat lasaitu egin gintuen. Haizearen Tunela sifonaturik aurkitzearen etengabeko mehatxuak indarra galtzen zuen.
Belaunetaraino gehienetan eta gerriraino nahiz bularreraino aldika, errekaren norabidea jarraitu genuen uretatik. Hiru gradutan zegoen ura. Gainditu beharreko oztoporen bat agertzen zen tarteka, taldearen dinamika moztuz soka aitzineko itxaronaldiarekin. Errekaren ibilgu aktiboa abandonatuta, Marmiten galeriara ailegatu ginen. Neurri guztietako marmita borobilek ezinago ederra bilakatzen zuten galeria. Erlaitza Handian bibak zahar baten hondarrak ziruditenak aurkitu genituen, hasierako esploratzaileen balentrien lekuko. Zabor hondar haiek ekintza gogoangarriekin amestera bulkatu gintuzten.
Vianako Printzea izeneko aretoa zeharkatutakoan, Haizearen Tunela entzutetsuaren sarrera bilatzeari ekin genion. Kitzikaturik, taldekideon urduritasuna agerikoa zen. Bakoitza bere aldetik, antsietatez kasik, tunelerako sarrera bilatu genuen.
-Begiratuko dut hemendik!
-Hemendik bai, nik uste!
-Hortik?
-Hemendik ere!
Komunikazio kaotikoak ez zuen emaitzarik izan. Taldeko hiru Haizearen Tunelaren lehen sarreratik sartu ginen eta bertze seiak, gatera bat pasaturik, Arlasen ibaiadarretik. Haizeak, igarobidearen izena justifikatuz, gogor jotzen zuen. Lehen berrogeita hamar metroak oinez egin genituen, uretatik, buien bidez muntatutako eskubanda baten laguntzaz. Aitzinago, igerian jada eta sabaia metro erdi batera, tunelaren sabaian instalatutako soka batek ahalbidetu zigun Haizearen Tunelaren azken berrogeita hamar metroak azkarrago gainditzen.
Laurehun eta laurogei metro lur azpian geunden, goititik beheiti bustita. Hotzari aurre egiteko, ibiltzeari ekin genion taldeko bederatzi lagunak tunelaren bukaeran elkartu bezain pronto. Hogeita hamar bat minutu jarraitu genuen ibiltzen, gorputza berotzeko, eta, leku aproposa aurkitu genuelarik, neoprenoak erantzi genituen.
Hortik aurrera espazio ikaragarri handietan barna ibili ginen. Nafarroa aretoan, errate baterako, ehun metro ingurura zegoen sabaia leku batzuetan. Han-hemenkako mugarriek eta balizek lagundu ziguten bidea aurkitzen eta desnibelak gainditzen arroka kaosen artean.
Sei-zazpi ordu genituen oraindik irteeraraino eta taldeak kohesio arazoak zituen. Sarreran ez bezala, taldetxoak osatu genituen nahi gabe eta geldialdiak egiten genituen tarteka-marteka, denok elkartzeko.
Lepineux aretoan egin genuen atsedenetako bat. Deskansatzeko. Eta tokiak zuen solemnitatea arnasteko.
Goiti begiratuta, San Martingo Harriko leizearen hutsa ikusten genuen, zeruko Zulo Beltza balitz bezala. Beheiti jarraituta, 1952. urtean Marcel Loubens bolkanologoaren istripuaren hondarrak aurkitu genituen. Garaian erabiltzen zen zirga hautsita, hamar metrotik amildu zen Loubens, zauri larriak pairatuz. Bi egun egon zen hilzorian burdinazko esku-ohe batean, hil egin zen arte. Erreskate saiakerek porrot egin zuten. Han gelditu zen bere gorpua, bi urte beranduago ateratzea lortu zuten arte. Hantxe zegoen burdinazko esku-ohea, gure parean, zorigaiztoko gertakari haren lekuko. Ondoko harrian xumeki zizelkatutako mezuak gogoratzen zuen gertatutakoa.

Esku-ohea

Beherako bidea jarraitu genuen, balizak eta mugarriak segituz ahal zen neurrian. Halakoetan galtzeak denbora eta indarrak xahutzea suposatzen du, eta garesti ordain daiteke. San Martingo sistema esploratu zuten lehen espeleologoen balentria ezin burutik kenduz, miresmena antzeman zitekeen gure arteko elkarrizketetan. Handitasun beltz hartan garaiko argiztapen sistema eta material eskasekin imajinatze hutsak zirrara sortzen zigun. Casteret eta Loubens aretoak; Metroa; Queffelec, Adelie eta Chevalier aretoak… Urruneko kontinente baten esplorazioarekin pareka zitekeen soilik abentura hura. Egunak eta asteak iraun ditzake bazter ilun haietatik egin beharreko erreskate batek. Zer erranik ez hasierako garai haietan. Istripu batek, handiak ala txikiak, ehunka pertsonen egunetako lan nekeza ekarriko zuen.
Euskal Herrian bertan geunden, etxean, etxetik hagitz urrun baina.
Bat-batean, leize hura etxetik inoiz egondako lekurik urrunena zela otu zitzaidan.
Verna areto entzutetsura sartzeko igarobidea aurkitzea uste baino gehiago kostatu zitzaigun. Bi galeria aztertu genituen emaitzarik gabe. Erreka aldeko eskubanda batek Vernara ailegatzeko gakoa zen igarobidea erakutsi zigun azkenean. Vernaren handitasunak txiki egin gintuen. Sabaia ehun metrora genuen gure buruen gainetik eta laurogei metroko ur-jauziak bertze ehun metro beheiti urruntzen zuen ura. Vernako bazterrak miretsi genituen begi arranpaloekin. Bere bortz hektareek munduko lur azpiko areto bisitagarririk handiena bilakatzen zuten eta, turistentzat han eta hemen paratutako manikiek, distantziei neurria hartzen lagundu ziguten. Ur-jauziaren indarra aprobetxatzeko paratu zuten zentral hidroelekt
rikoa eraikitzeko egin zuten bortzehun metroko tuneletik sartzen dituzte turistak. Handik atera ginen gu.
Espeleologoak lur-azpira sartzeko duen beharra lur-azpitik ateratzeko beharrarekin pareka daiteke soilik. Vernako tunel artifizialetik goizeko ordu bata eta erdietan atera ginen, hamazazpi ordu beranduago. Oskarbi zegoen zerua eta Pertseidek ongietorria eman ziguten lurtarren mundura.

Tunela



Testua eta argazkiak: Ernesto.

No hay comentarios:

Publicar un comentario