Lekime
arroila helburu, Baxe Nafarroara buruz abiatu ginen goizeko
hitzorduaren tenorea taldeko nagienekin eztabaidatu ondoren. Garai
batean erresuma batzen zuten bortuak igarota, Mendibe herri ttipian
elkartu genuen artaldea. Eguraldi iragarpena alde genuen eta
zerbaiten jatera eseri ginen deus baino lehen.
Ohartu
gabe luzatu zitzaigun otordua eta, aitzinetik arroila luzea genuela
jakitun, argiak sartu genituen bote estankoan.
Pirinioek
beren hondar elurrak erakutsi zizkiguten ekialdean eta oinen azpian
bertikaltasun handiko sakanak agertu zitzaizkigun berehala. Hegan
egiteko gogoa erreprimitu genuen. Iratiri eta Oriko kaskoari bizkarra
emanik, Behorlegi, Beltxu eta Ahüzkiko basoei behatu genien.
Biduzeren iturburua igar zitekeen parez pare Arbaila mendigunean.
Beheiti
amildurik, mendi magal berdea apurtzen zuen arrakalan sartu ginen
luze gabe.
Lekimek,
gutariko batzuendako ezezaguna ordura arte, maitemindurik utzi
gintuen, hasieratik bukaerara. Instalazioa arras prekarioa izan
arren, arroilaren rappel zoragarriek eta paisaiaren edertasunak
hagitz zapore ona utzi ziguten, masifikazio orotatik kanpo, arroilen
jaitsieren eta mendizaletasunaren jatorriaren izpiritura itzuli izan
bagina bezala. Egun xarmangarria borobiltzeko, ezkutuko hiri elfiko
batera zihoala ematen zuen bidexendra liluragarri batetik egin genuen
autorainoko itzulia, Papua Ginea Berriko argazki baten barnean egon
izanaren sentsazioarekin.
Testua eta bideoa: Ernesto
Argazkaik: Zuriñe
Argazkaik: Zuriñe
No hay comentarios:
Publicar un comentario