9 abr 2019

2019ko ikastaroa (I)



Otxolak urtero antolatzen duen espeleologia bertikaleko hastapen ikastaroaren lehenbiziko
bi saioak iragan dira apirilaren lehen asteburuan. Larunbatean, gogoz eta jakin-gosez, eta
apur bat lotsatuta beharbada, izena emana zuten lagunak Otxolako egoitzara agertu ziren
goizean goiz. Espeleologiari buruzko azalpen orokor zenbait eman zitzaizkien bideo batzuen
laguntzaz aurkezpen moduan eta, ekipamenduak aurkeztu eta banatu ondoren, Bihatz
eskalada gunera abiatu ginen lehen maniobrak praktikatzeko. Frakzionamenduak gainditu
gorakoan nahiz beherakoan, penduluak igaro… Ikasleek, aparatuekin ohitzeaz gain, beren
buruak eta indarrak neurtzeko aukera izan zuten oinarrizko maniobrak aspertu arte
praktikatuta. Nekatuta baina sentsazio onekin, hurrengo egunera arte agurtu genion elkarri.



Igandean, giharrak apur bat gogortuta, Lizarragako bentan elkartu ginen hamarretakoa
egiteko. Sabela bete eta baimendutako autoak antolatu ondoren, Tximua leizera buruz abiatu
ginen. Irteera arindu aldera hiru taldeetan banaturik ekin genion lur-azpiko aktibitateari eta,
aintzira nahikoa idor zegoen arren, Tximuak bere altxorren edertasun guztia erakutsi zigun
ahalke gabe.



Asteburu trinkoak bizipen onak utzi ditu, hasierako lotsak uxatuta eta ikastaroko taldea
sendotuta. Zizka-mizka eta trago batzuen bueltan egunotako pasadizoak umorez gogoratu
ondoren hurrengo asteburura arte erran genion agur elkarri. Orduan bertze praktika batzuk
etorriko dira, bertze leizeren bat eta anekdota berriak. Horiek baina, prefosta, bertze kronika
batean kontatzekoak.
Hona asteburukoak laburbiltzen dituen bideotxoa.
A, eta ez atzendu, ez da trolla, krolla baizik!





Testua eta bideoa: Ernesto.


No hay comentarios:

Publicar un comentario