15 may 2020

Azpimundurako ateak

AZPIMUNDUA:
espirituak eta izaki beldurgarriak
bizi diren lur-azpiko mundu mitologikoa.


Otxolako kideak Marizulete leizean

Kobazuloen ahoek betidanik kitzikatu dute gizakiaren jakin-mina, lur-azpiak sinbolizatzen duen ezezagunerako ate moduan, erran genezake. Lur-azpiak sortzen eta gordetzen dituen misterioek mota guztietako istorio fantastikoak asmatzera eraman gaituzte aspalditik, eta hango eta hemengo mitologietan kobazuloek eta leizeek duten protagonismoa horren adibidea dugu. Zeus, errate baterako, Kretako Dikteon kobazuloan sortu omen zen Greziako mitologiaren arabera eta, bertan aurkitutako ofrendek baieztatzen duten bezala, antzinatik da jainko handia gurtzeko kultu tokia.



Kretako Dikteon kobazuloa

Ipar Amerikan, Hodei Gorri buruzagiak kontatu zuenez, lau haizeen ama zen Ite jainkosak eta Inktomi jainko iruzurgileak sortu zituzten siuxak. Elkarrekin, lur-azpiko azpimundutik lurrazalera atera zuten Siux nazioa. Horretarako, Muino Beltzetan dagoen “Wind” kobazuloa aukeratu zuten, “arnasten duen kobazuloa”.  Hodei Gorrik zionenez, hura zen siuxek mendi haiek beneratzeko arrazoia, izan ere, siuxek Pahá Sápa erraten zieten Muino Beltzei, “Dagoen Ororen Bihotza” hain zuzen.

Hodei Gorri buruzagi siuxa

“Wind” kobazuloa, egiazki, berrehun kilometroko galerien labirintoa da, munduko kobazulo luzeenetarikoa, alegia. Pasabide sakon eta estuen ondorioz, kanpoko airearen presioen aurrean alderantziz erreakzionatzen du “Wind” kobazuloak. Beraz, kanpoko airearen presioa baxua delarik, “arnasten” duela ematen du eta, presioa altua delarik, “inhalatu” egiten duela. Hodei Gorrik eta bere herriak sinesten zuten antzinako jainkoek kobazulo hartan askatu zituztela beren arbasoak. Gaur egun ere, kobazuloaren sarreraren aurrean kokatzen den edonork, kobazuloa bizirik dagoela sumatuko du, “arnas” egiten duela. Akaso ez dugu sekula jakinen zein izan zen Muino Beltzak “aurkitu” zituen lehen siuxa baina badakigu 1775-1776ko neguko errelato oglalak deskribatzen duela Zezen Eseria izeneko Buruzagiak kobazuloaren arnasa antzeman zuena.

"Wind" kobazuloa Muino Beltzetan

Kontinente berean, hegoalderago eta milaka urte batzuk lehenago, lur-azpiaren azpimunduaren baitan aurkitzen dugu munduaren sorreraren mitoa kultura maian. Xibalbá azpimunduaren izena da, “ezkutuko lekua”, alegia. Herioaren eta eritasunaren dibinitateek kudeatzen dute lur-azpiko mundua eta Xibalbáren jauntxo nagusiak Hun Camé (Bat Heriotza) eta Vucub Camé (Zazpi Heriotza) dira. Popol Vuh liburu sakratuak deskribatzen duenez, kobazuloak Xibalbára sarrera dira maientzat, lur-azpiko mundu akuatikora.

Xibalbá, maien azpimundua

Cenoteak karst jatorriko dolina edo torka inundatuak dira eta Yucatango penintsulan bi mila eta laurehun baino gehiago daude. Cenote hitza Maien hizkuntzatik dator, dz’onot, tzonot edo Ts’ono’ot hitzetatik, eta “kobazuloa urarekin” erran nahi du. Espeleologiak agerian utzi du cenoteak elkar lotuta daudela lur-azpian, itsasoraino ailegatzen den anabasa osatuz.

Cenote

Maientzat azpimunduko jainkoekin harremanetan jartzeko atea ziren cenoteak, aho bat irudikatzen baitzuten. Ur gezako gordailutzat erabiltzeaz gain, gurtza lekuak ziren eta jainkoei eskaintzak eta giza sakrifizioak jaurtitzen zituzten. Adituek baieztatu dutenez, arkeologoek zein urpekariek aurkitutako hezur gehienak hamaika urtetik beherako haurrenak eta gizonezko helduenak dira. Chichen Itzán, adibidez, zeru zabaleko cenote sakratua dago. Urez betetako sakonune zirkularra da, 60 metroko diametrokoa, eta uraren azalerako sarbidearen mailatik 15 metroko altuera neurtzen duten horma bertikalak ditu. Kukulkan suge lumaduna jainkoaren piramidearekin 300 metroko luzera duen galtzada baten bidez dago lotuta eta, ematen duenez, animaliak eta gizakiak sakrifikatzeko erabiltzen zuten, euren jainkoentzako zerga bezala. Zeramika eta bitxiak ere botatzen zituzten hondora, eskaintza eta erritu erlijiosoetan.

Chichen Itzáko cenotea

Euskal Herrira etorrita, ugariak dira kobazuloak eta sinesmen erlijiosoak lotzen dituzten istorioak. Alaitz mendilerroan, errate baterako, “Diablozulo” kobazuloa dago eta bertan garai ezberdinetako aztarnak aurkitu dira: Paleolitoko materialak, Brontze eta Burdin Aroetako geruzak eta zeramika erromatarrak.
Lantz herrian “Basajaunen etxea” izeneko kobazuloa dago nahiz eta, ematen duenez, bertakoek ez dute izen horrekin ezagutzen. Litekeena da izen asmatu berria izatea.

Basajaun

Zugarramurdiko leizeei “Sorginen leizeak” erraten zaie ere eta “Infernuko errekak” sortu zituen, higaduraren higaduraz. Leize hauek arras ezagunak dira orain dela 400 bat urte Inkisizioak han bildutako hainbat pertsonen aurka egindako Zugarramurdiko sorginkeria prozesuagatik, sorgintzat hartuta erailda izan zirenak. Harpe hauetan aspaldiko hondakin arkeologikoak azaldu ziren eta leize handiaren barruan bertze bat zabaltzen da: “Akelarre” leizea. Izenaren jatorria kobazuloaren parean dagoen zelaian dago, akerraren larrean, alegia. Hor izan ohi ziren garai batean akelarreak, hor biltzen ziren sorginak.

Zugarramurdiko "Sorgineen leizea"

Urbasan, Altsasuko mugan, “Artzanbaratza” kobazuloa aurkitzen da eta elezahar aunitz biltzen ditu. Urdiaingo kondaira batek dio Luzifer edo Sugaar izeneko dragoi edo jeinu argidun bat Artzanbaratzako terminoko kobazulo batean bizi dela neguan eta udan Aralarrera lekualdatzen dela hegan, gar argiduna bilakatuta. Bertze legenda batek dio apeza maiatzean gurutzeak paratzera joaten zelarik, harri bat botatzen zuela Artzanbaratza leizera. Harria goiti ateratzen bazen, erran nahi zuen Luzifer barnean zegoela, beraz, apezak gurutzea jartzen zuen leizearen sarreran eta Luzifer barnean gelditzen zen preso.

Sugaar

Nolanahi ere, Euskal Herria eta kobazuloak zalantzarik gabe lotzen dituen jainkosa Mari da, Anbotoko dama. Euskal mitologiako jainkosa nagusia da eta gehienetan Anderea edo Dama deitzen zaio. Hainbat euskal menditan bizi da eta bere bizitokirik garrantzitsuena Anbotoko leize bat da, “Mariren Koba” izenaz ezaguna. Mari, Ama Lurraren irudikapena antropologo batzuen erranetan, izadiaren eta bertako elementu guzien erregina da. Gehienetan emakume gorputza eta aurpegiarekin irudikatzen da, dotore jantzita, gehienetan gorriz, baina zuhaitz edo suzko emakume gisara ere agertzen da. Sugaar da bere senarra, sorginak bere gurtzailetzat jo izan dira eta bi seme ditu: Mikelats eta Atarrabi, ongia eta gaizkiaren irudikapenak.


"Mariren Koba"

Aipatu bezala, Mari Euskal Herriko mendi eta leizeetan bizi da herri sinesmenen arabera. Andia mendilerroan, adibidez, “Marizulete” izeneko leizea dago Lezaun herritik hurbil, “Mariren zuloa” izanen zena, alegia. Dirudienez, “Marizulete” Andiako toponimo aurrekristau bakarra da.



2014. urtean Otxolako kide batek lantza baten punta zirudiena aurkitu zuen “Marizulete” leizeko sarrerako putzuan. Objektuaren egoera bikainak ematen zuen ulertzera objektu berria zela, garaikidea nolabait errateko, eta ez zion sobera arretarik eskaini. Edozein modutan, lagun batek aipatu zuen ehiztari baskoiek Mariri eskaintzak egiteko ohitura zutela eta ohikoa zela ehizatzeko erabiltzen zituzten armak, bertzeak bertze, jainkosari eskaintzea. Beraz, puntaren afera aztertu ondoren, Erlantz Urtasun historialariari kontsultatu zioten. Urtasunen erantzunak argi apur bat eman zuen: brontzezkoa zela aipatu zuen, ematen zuena baino zaharragoa izanen zela seguruenik, eta Mari jainkosari eskaintza izan zitekeela. Leizearen toponimoarekin bat egiten zuen gainera. Azkenik, arkeologo adituekin harremanetan jartzeko aholkatu zuen.
Vianako Printzea Erakundeko arkeologoen esku gelditu zen pieza eta, baieztatu ahal izan zutenez, biziki ongi kontserbatuta zeuden puntaren ahoak eta egur puska bat gordetzen zuen zati konikoan. Itxura guzien arabera K.a. 700-900 urtekoa izan zitekeen eta Mari jainkosari egindako eskaintza izan zitekeela konfirmatu zuten.
Guri, espeleologo moduan, eta jainkoetan sinetsi ala ez, lur-azpia bisitatzen eta ikertzen segitzea baino ez zaigu gelditzen, gure lurra hobeki ezagutu eta ulertzeko eta gure arbasoen azpimunduekin amesten jarraitzeko.




Ernesto

No hay comentarios:

Publicar un comentario