25 mar. 2020

Ezezagunaren erakarpena

Lepineux putzua
Espeleo egiten dugunok usu liluratzen gara lurpeko altxorrekin. Mota guzietako formazioak, lur-azpiko erreka saltokariak, izan zireneko animalien arrastoak (Ursus, beti izanen zara gure izarra!), bertzelako animali ttipi eta gardenak… Gustuetarako koloreak omen daude, eta hamaika izan daitezke lur-azpiak espeleologoengan sortzen duen erakarpen indarraren iturburuak. Nolanahi ere, gorputza maiz inarrosten digun sentsazio berezietako bat esploratu gabeko leku batean egotearena da. Eta, lurpea esploratzeaz ari bagara, ezin aipatu gabe utzi San Martingo Harriko sistema.
San Martingo osina Lepineux Leizea bezala da ezaguna ere, izan ere, Georges Lepineuxek aurkitu zuen 1950. urtean. Urte bat geroago 320 metroko bertikala (garaian munduko handiena) jaitsi zuten Georges Lepineuxek, Marcel Loubensek eta Haroun Tazieffek, Max Cosynsek gidatutako espedizioan.

Lepineux putzuaren jaitsiera

1952an bertze espedizio bati ekin zioten esplorazioarekin jarraitzeko. Bertikaletarako erabiltzen zuten zirga baina, hautsi egin zen eta Marcel Loubensek hamabortz metroko erorketa izan zuen igotzeko unean, lurraren errainetan hilez. Bi urte igaro behar izan ziren Loubensen gorpua lurraren azalera atera arte.
Haroun Tazieff zorigaiztoko gertakari haien lekukoa izan zen eta, istripuan gertatutakoa zein leizearen esplorazioaren gorabeherak, “San Martingo Harriaren Osina” izeneko liburuan agertu zituen. Liburuaren jatorrizko argitalpena 1952an bertan egin zen eta gaur egun ARSIPeko web orrialdean deskarga daiteke debalde.
Tazieffek, lanbidez bulkanologoa, gorputza uzkurtzeko moduan kontatu zituen esplorazio haren bizipenak eta gorabeherak. Lurpeko esplorazioak, errate baterako, herrialde urruneko esplorazioekin parekatu zituen:
“Zoriontsu ginen, egiazki. Leku birjinak deskubritzean sortzen den zoriontasuna zen, azaltzen zaila bizitu ez duenarentzat… Kongon sumendi berri baten labak eta errautsak lehenbiziko aldiz zapaldu nitueneko  sentsazio miragarriez oroitzen naiz (egiten zuen lehen gizakia nintzen). Banekien han ez zela inor ibilia, krater hartara ez zela inor ausartu. Ziurtasun hark leku maltzur haietan bete ninduen zoriontasunari intentsitate osoa ematen zion.
Hemen, berdin, bagenekien lehenbizikoak ginela: ez Paleolitoko gizakiak ez eta espeleologo modernoak ez ziren leku hartaraino sartu. Bobeda haiek kontenplatzen zituzten lehen gizakiak ginen, eta hura bera zen liluragarria… Handikeria zen? Akaso, espero ezetz baina! Ezagutzea eta ulertzea bilatzen duen gizakiaren naturaren parte zen hura.”


Lur-azpian sortzen diren emozioen intentsitatea erabatekoa izaten da, askotan muturreko egoerek ematen dutena. Espeleologoei aunitzetan galdetu izan zaigu nola sar gaitezkeen leku horietatik, edo horietaraino. Tazieffek berak ematen du azalpena aipatutako liburuan:
“Espeleologiak zaleak izatearen zergatia ulertu nuen, beraiengan hartzigarririk aktiboenen gisan gauzatzen dena: ezezagunaren erakarpena.
Magallanesen edota Erik Gorriaren gizonak ozeanoen handitasunera bultzatu zituen pasio bera, alegia, Stanley eta Fawcett oihan birjinak eta arrotzak zeharkatzera eraman zituena, eta gaur egun oraindik Poloko esploratzaileak eta alpinistak bultzatzen dituena. Lurrazaleko esplorazio handiekin alderatuta, lurpeko leizeenak abantailak dauzka: irismen maila hain da berria, ezen agerpenen eta aurkikuntzen aukerak Antartikan, Andeetan edo Himalaian baino ugariagoak direla. Bertze aldetik, aski da hamarnaka kilometro batzuk kurritzea, edo ehunka batzuk gehienez, kareharrizko eskualde batean bertatik bertara egoteko: Vercors, Causses, Jura, Pirinioak, Italiako Karso, edo Yugoslaviako Kars, etxeko atean daude. Asteburu soil batean, eskualde birjin bateko espedizio baten zailtasun, agonia eta poztasun guziak esperimentatzen ahal ditu espeleologoak. Espeleologia, edo igandeko esplorazioa…
Hala ere, ezezagunaren erakarpena ez da, berez, bere baitan era argi batez ageri, eta bertzelako arrazoi onargarriagoen atzean ezkutatu da: zio ekonomikoak, helburu zientifikoak… Pentsatu nahiko nuke alegiazko aberastasunaren xarma izan zela Cadizeko edo Kartagoko nabigatzaileak itsaso zabalera eraman zituena, Marco Polo estepara eta Erdialdeko Asiako basamortuetara eraman zuena, aitzindariak Peruko mendietara edo Kongoko oihanetara eraman zituena. Hura zen arrazoi aitortua bederen; baina, ez al zen ezezagunaren kontaktuarekin kutsatzeak beren baitan borborka egiten zuena?
Espeleologiak ere helburu baliagarriak mahaigaineratzen ditu, baita estrategikoak ere, eta ez da ezezagunagatik, arriskuagatik eta gainditutako zailtasunengatik duen amodio hutsa aitortzera ausartzen. Mendizaletasunaren hasieretan bezala, itxura zientifikoa hartzen du. Eta, hain zuzen, zoragarria da lurpearen sakonean lurrazalaren formazioaren pistaren bat aurkitzea, gizaki primitiboen eta desagertutako animalien aztarnak aurkitzea, izpi kosmikoen misterioa bilatzeko han sartzea, edo harpeetako kulturaren biologian sakontzeko… Baina, nire ustetan, inor ez da espeleologoa egin arrazoi hauengatik soilik. Bertze aldetik, espeleologo bat baino gehiago igaro da kiroletik zientziara eta mundu bitxi horren jakin-mina bere baitan pizten zela sentitu zuen, ekintzen gogo hutsak lehen aldiz barneratu zuen lekuan.”

Otxolako kideak topografia lanetan

Zientzia-kirola ala kirol-zientzia, espeleologia ez da kobazuloetan sartze soil bat. Zuloa aurkitu, esploratu, topografiatu, geologia aztertu, fauna ikertu… Kirolaz gain, zientzia ugari praktikatzen da lur-azpian. Hidrologia horietako bat da, urak lurpean duen jokaera ulertzeko. Lur-azpiko erreken koloreztatzea ohiko praktika izaten da horrelako ikerketetan eta, Tazieffen hitzetan, “ikuskizun txundigarria” da.
“Argipean ikusita, fluoreszeina gorria da, gorri bermiloi zoragarria. Disolbatua, esmeralda kolore liluragarria ematen dio gardenki urari.
Ikuskizun txundigarria: bi gizon, errekaren gainean hankak irekiekin, bidoi zuriak manipulatzen beren esku eskarlatekin, errekatik behera kareharrizko blokeen artean ihes egiten duen eta desagertzen den berde miresgarriaren gainean.
-Kolorezko argazki bat egiteko tenorea da! -Oihukatu zidan Loubensek.”

Uranina injekzioa Itur-2 leizean

Bistan denez, espeleologia praktikatzeko ekipamendua aunitz hobetu da San Martingo Harriaren sistema esploratu zutenetik. Garai hartako tresneria irudikatzeak esploratzaile haien balentriaren tamaina areagotzen du. Orduko ala gaurko bitartekoekin, orduko ala gaurko argiekin, imajinatzen zaila da Verna bezalako areto bat aurkitzeak sor dezakeen zirrara:
“Bat-batean, apoteosia izan zen. Ondoan hutserantz amiltzen eta desagertzen zen ur-jauziaren burrunba gorgarrian, seko gelditu egin ziren gizonak erabateko iluntasunaren ertzean. Beren argi indartsuak alferrik ari ziren: aurrean, deus ez; ezkerretara, deus ere ez. Eskuinetara, deus ez; deus ez goitien eta deus ere ez behean. Haluzinagarria!
Ideia zoro bat otu zitzaion Jimmy Théodori: mendi guzia gurutzatu dute eta kanpora atera dira gau betean… Burua goratu zuen eta zerua behatu zuen. Han, baina, izar bakar batek ez zuen distira egiten…
-Erran, Georges… ze ordu da?
Arratsaldeko sei eta erdiak baino ez ziren. Abuztuan, eguzkia goian egoten da oraindik. Gau hura, lurpeko gaua zen oraindik, koba kolosal berri baten gaua.”



Testua: Ernesto
Argazkiak: Irene eta Jotas

1 comentario:

  1. Testu oso ederra, lagunak. Espeleologo guztiok identifikatuta sentitzen gara sentsazio hauekin (nahiz eta gero, kirten hutsak garenez, ez ditugun ahoz gora botatzen ;-) ). Eskerrikasko!

    ResponderEliminar